2012/07/03

Egutegia 2012-13

Eskuinaldean, Informazio Orokorra atalean 2012-13 ikasturterako egutegia azter dezakezue.
Klaseak irailaren 7an hasiko dira, goizeko ordutegiarekin.
Goizez eta arratsaldez: irailaren 24an.

Jantokia:
Irailaren 7an hasiko da IRAILERAKO IZENA EMAN ZUTENENTZAT bakarrik.
3 urtekoentzat: urriaren 1ean hasiko da
2 urtekoentzat: urriaren 8an hasiko da.
Urte osorako apuntatzeko irailaren 7an izen-emate fitxa banatuko da.

2012/07/02

Udalak ez du ikastola ureztatuko


Gasteizko Udalak jakinarazi digu uda honetan ikastolako lorategiak ez direla ureztatuko, Lehen Hezkuntza esparrua zein Haur Hezkuntzakoa.
Arduradunekin gestioak egin ditugu erabakia aldatzeko eskatuz eta erabaki honek hainbeste urtetan denon artean babestu dugun esparruan sortzen ari den kalteak balora ditzaten, baina erantzuna ezezkorra izan da.

Biziki sentitzen dugu hartutako erabakia, aldez aurretik hartutako beste erabaki batzuekin bat egiten duena, esate baterako, garbiketa langileen bajak ez ordezkatzearena, eremu honetan egoera eskasetan egotera eraman gaituena.

                                                  Zuzendaritza

2012/06/28

2012-13ko orduz kanpoko ekintzak

Hemen 2012-13 ikasturterako eskeintzen diren orduz kanpoko ekintzak kontsulta ditzakezue. Matrikula irailean izango da.


3. zikloa

2012/06/14

Baratzaren lana eta uzta

Gela egonkorreko ikasleek,  kurtso osoan zehar,  lan handia egin dugu gure baratzan eta emaitzak hemen gaude. Gure uzta hasi gara jasotzen eta menu goxoak prestatuko ditugu: hasteko entsalada galantak, geroago babak eta ilarrak eta bukatzeko marrubi goxoak…ummmm!... Ideia ona ezta?

Gela Egonkorrekoen lana baratzean on PhotoPeach

2012/06/13

Ikastolako abesbatzaren kontzertua

Ikastolako abesbatzak bi emanaldi eman ditu gaur goizean ikastolan. Oso polita izan da, zein ondo egin duten! Zorionak, Crescendo.

Tokieder Abesbatzaren kontzertua on PhotoPeach

2012/06/12

2012ko udalekuetako bilera


Kaixo!
Aurten, ekainaren 25tik uztailaren 6ra, TOKI EDER Ikastolan burutuko diren udalekuen funtzionamenduaz hitz egiteko bilera batera gonbidatzen zaituztegu:
 2012ko ekainaren 13an, asteazkena, ikastolako kiroldegian arratsaldeko 16’00etan.

Bileran udalekuetan egingo diren ekintzen informazioa emango dizuegu eta suertatzen diren zalantzak eta galderak argitzen saiatuko gara.

Oharra: zuetako baten batek uko egiten badio udalekuetako plazari, abisatu lehenbaitlehen, ekainaren 7an baino lehenago bada, ordaindutakoa itzuliko diogu, baina kopuruaren 35 € ez, gestio lanak direla eta. Beranduago parte ez hartzea erabakitzen baduzue, ez da ezer itzuliko begirale kontratazioak eginak izango dira eta.    ampalekueder@yahoo.es

  TOKIEDER IKASTOLAKO GURASO ELKARTEA


 

2012/06/05

Euskal eskola publikoaren jaia


HAZI HEZI aldizkaria


Guraso agurgarriak:

Sortu da HAZI HEZI. Uste dugu etxekoentzat hezkuntzan laguntzeko tresna egokia izan daitekeela.
Hik Hasik 17 urte daramatza euskal hezkuntzan hik hasi aldizkaria nahiz material pedagogikoa argitaratzen eta hezkuntza jardunaldiak antolatzen.
Orain, eskuetan dugu HAZI HEZI etxerako heziketa aldizkaria. Bertan, ondorengo atalak jorratuko dira:
-         Haurdunaldia eta haurraren lehen hilabeteak.
-         Lehen urteak, urte gozoak eta nerabezaroa.
-         Horiekin batera, gaia, elkarrizketa, adituen aholkuak (psikologo, pediatra, sexologo, homeopata, dietista…), kontsultak, sormena, eztabaidagaia; hezitzaileen, gurasoen eta aiton-amonen hausnarketak…

Dagoeneko, liburudendetan dago salgai, 5 eurotan. HAZI HEZI udan, udazkenean, neguan eta udaberrian argitaratuko da, eta, urteko 4 zenbakien harpidetzak 20 euro balio ditu. Gainera, orain harpidetzen direnei lehenengo zenbakia doan bidaliko zaie.

Informaziorako 943 371 408 telefonora dei daiteke edo hikhasi@hikhasi.com-era idatzi. Harpidetza egiteko: www.hikhasi.com

Ezagutu dezazuen, hor doakizue aldizkariaren atalen laburpena.

Eskerrik asko arretarengatik, eta hartu gure agurrik zintzoena.


Hik Hasi  egitasmoa

2012/06/01

Ikastolako jaia

Eguraldi paregabea, umore ona, giro aparta...

Ikastolako jaia 2012 on PhotoPeach

2012/05/30

Ikastolako jaia

       
        Jakinarazi nahi dizuegu datorren ostiralean, ekainaren 1ean, arratsaldez, IKASTOLAKO JAIA ospatuko dugula. Festa arratsaldeko 15:00etatik 20:00etara izango da, bi zatitan banaturik:

15:00etatik 17:00etara, irakasleriak antolatuta, ikasleentzako tailerrak, kirolak eta puzgarriak egongo dira.

17:00etatik 20:00etara, Guraso Elkarteak antolatuta ikasle eta familientzako txozna, puzgarriak eta beste motatako jarduerak egongo dira.

Ø     Festa irekia izango da eta denak etor zaitezteke 17:00etatik aurrera.

Ø     Ikasleak 17:00ak arte irakasleekin egongo dira. Hortik aurrera, ikastolako ikasle guztiek festan gelditzeko guraso edo beste arduradunaren menpe gelditu beharko dute.


Zuen partaidetza ezinbestekoa da ikastola esparru ludiko bezala  bultzatzeko eta denon artean gozatzeko. Polita izango litzateke umeek Ikastolako kamisetak ekartzea.


                     DENOK   IKASTOLARA!

                                    Zuzendaritza                                 

2012/05/29

Ikastolako familien mendi irteera


Maiatzaren 13an, igandean goizez, TOKI EDER ikastolako hainbat familia ESTUNAGA mendira igo ginen. Txikiak, ertainak eta haundiak animatu ziren oso eguraldi lainotsua atera zen arren.
Giro onean ibili ginen eta inor ez zen bidean geratu.

AUPA TOKI EDERREKO MENDIZALEAK!

2012/05/22

Ekainaren 1ean ikastolako jaia

Ekainaren 1ean ikastolako jaia izango da. Festak bi zati izango ditu:

15:00etatik 17:00etara ikasleentzako irakasleek antolatutako ekintzak egongo dira. Zati hau ikasleentzako bakarrik da.
17:00etatik 20:00etara AMPAko gurasoek antolatutako ekintzak izango dira. Zati hau familientzako irekia da. Honentzako laster boluntarioak eskatuko dira.

Aurrerago informazio zehatzagoa argitaratuko dugu.

2012/05/14

Integrazioa azaltzeko ipuina: "El cazo de Lorenzo"

Ikastolako Guraso Eskolatik "El cazo de Lorenzo" bideotxoa zuekin partekatu nahi dugu. Hezkuntza premia bereziak dituzten haurrek sentitzen dutena azaltzeko lagungarria izan gaitzake, askotan ez baitugu gai hauek gure seme-alabei alzaltzeko modua topatzen.
Ipuina amaitutakoan hezkuntzari buruzko beste hainbat bideo ikus dezakezue.

TOKIEDER IKASTOLAKO GURASO ESKOLA


2012/05/09

Ingeleseko antzerkia

Maiatzaren 3an Forum Teatre y Educacion taldeak bi antzerki eskeini zizkigun ingelesez; Haur Hezkuntza eta 1go ziklorako "Andersen, stories in the attic", 2. eta 3.-erako "Robin and Hood". Oso ondo pasatu genuen. Hona hemen egun horretan ateratako zenbait argazki.

Theatre in Tokieder on PhotoPeach

2012/05/07

Liburu eguneko bideoak

Liburuaren Egunaren inguruan antolatu ziren hainbat ekintzen bideoak (erakusketarena eta  hainbat geletan guraso batzuk kanpoko hizkuntzetan  kontatutako ipuinak) liburutegiko blogean eskegi ditugu. Behean duzuen liburutegiko maskotan klikatuz ikus ditzakezue.