2012/10/29

Larunbatetan, mendira



Guraso agurgarriok:
Arabako Foru Aldundiaren Eskola Kirola kanpainaren baitako mendi irteeren berri eman nahi dizuegu. Irteera horiek Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako ikasleentzat dira. Iturribero Mendi Taldeak larunbatetan antolatzen dituen irteeretan, 8 eta 12 urte bitarteko haur guztiei aukera ematen die mendira joan, kobazuloren bat ezagutu, perretxikoak bildu eta beste gauza asko egiteko.
Beraiek egiten dute dena, begiraleak jartzen dituzte, autobusa alokatzen dute eta irteerak antolatzen dituzte. Urritik ekainera bitartean 20 irteera inguru egingo dira; egutegi zehatza orrialde honetan bertan ikusi ahal duzue. Irteera errazak dira, mendian ibiltzen hasi, ondo pasa eta gure inguruari buruzko gauzak ikasteko. Irteerak Gasteiztik gertu dauden lekuetara egiten dira, autobusean denbora asko eman gabe.
Ordutegia 9etatik 14etara da, Mendizorrotzako aparkalekutik atera eta bertara itzultzen direlarik. Antolatzaileen aldetik puntualitatea eskatzen da, bai irteeran bai jasotzean.
Ekimen interesgarria da eta ez da beharrezkoa larunbat guztietan joatea, malgua da, bakoitza nahi duen irteeretara joan daiteke.
Horretarako ikasturte hasieran izen-emate orria bete behar izan da. Eskola Kirola kanpainan izena eman ez duten ikasleei, N.A.N edo Famila liburuaren fotokopia bat eskatu diegu. Ondoren haur bakoitzak nahi duen irteerarako bakarrik emango du izena eta 2 euro ordainduko ditu irteera bakoitzeko. Diru hori Idazkaritzan jasoko da, MENDIA izena duen kutxa batean (gutunazal itxi batean) irteera bakoitzaren aurreko asteazkena arte. Bertan adierazi beharko dira haurraren izen-abizenak, maila eta gela. Gutunazala utzi baino lehen, begiratu ea ikaslearen izena agertzen den idazkaritzan utziko dugun zerrendan.
Ekintza honetan parte hartzeko ezinbestekoa ikusten dugu AMPAko bazkideak izatea.
Ikasturte honetan izena emateko epea itxita egon arren,  mendi irteera bakoitzeko dinamika argi utzi nahi dugu.
Besterik gabe agur bero bat eta anima zaitezte ekintza honetan parte hartzera.
Gora mendizaleak!!